Aurkezpena

Ezagutzaren eta artearen alor guztietan indar sortzaile handia dauka Europak; kultura eta hizkuntza ugari biltzea da horren arrazoia, zalantzarik gabe. Ugaritasun hori, hala ere, estatu-egitura batzuen ostean ezkutatzen da sarritan, eta estatu-egitura horiek ez dute beti errespetua izaten aberastasun horrekiko. Aberastasuna defendatzea Europaren etorkizunaren aldeko apustua egitea da. Hori dela-eta, Balear Uharteek eta katalanez hitz egiten duten gainerako hiztunek (Europako zazpi milioi biztanle baino gehiago) gure hizkuntzaren ezagutza eta erabilera ziurtatzen dute. Modu horretan, eraikitzen ari garen Europaren aberastasunari eusteko ekarpena egiten dugu. Eta pozten gara Europako beste herrikide batzuek ere gure hizkuntzarekiko eta kulturarekiko interesa daukatela egiaztatzen dugunean.

Katalanez hitz egiten ez dakiten eta gure hizkuntzara zein kulturara hurreratzeko interesa daukaten pertsonentzako materiala da A l'abast. Berdin balio du Balear Uharteetan bizi nahi duenarentzat zein kanpoan bizi denarentzat. Katalanez oinarrizko komunikazioa lortzeko baliabide erabilgarri batzuk eskuratzeko aukera eman nahi du A l'abast izenekoak. Eguneroko bizitzako ohiko esaldiak biltzen ditu. Testua osatzeko CD-ROM bat ere badauka eta bertako hiztunek ahoskatutako esaldiak entzun ahal izango dira, batetik, eta erabiltzaileari grabatzeko eta grabatutakoa entzuteko aukera emango dio, bestetik. A l'abast ez da katalana ikasteko ikastaro bat; Balear Uharteetan egiten den katalanerako hurreratze-saioa baino ez da eta espero dezagun ikasten jarraitzeko pizgarria ere izatea. Gure hizkuntzan sakontzeko interesa badaukazu, Balear Uharteetatik katalana ikasteko baliabide-gida kontsultatu dezakezu (liburu honen amaieran atxikia). Zure beharrizanei erreparatuta, ondoen egokituko zaizkizun materialak topatuko dituzu: ikastaroak, autoikasketarako zentroak, baliabide informatikoak edo Internet bidez eskura daitezkeenak, etab.

Damià Pons i Pons

Hezkuntza eta Kultura kontseilaria
Balear Uharteetako Gobernua